XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina ez gara ausartu burua gehiegi ateratzen, pauso erdira 4.000 metroko patioa izanik.

Buruari eskuinaldera eraginda agurtu dugu Makalu eta ezkerrera Kangchenjunga;

Cho Oyu eta Everesti ere, bide guztian bizkarra emanda izan baititugu, eman diegu errepasoa, eta beste hainbat tontor txikiago, glaziare eta laku ezagutu guran pasatu ditugu minuturen batzuk.

Eguzkia apenas izan dugu bidelagun goiz parte osoan; laino mehe batzuen gainetik indarge pasatu du eguna.

Tontorrean haizea nagusitu da, elur hautsa harrotu du.

Justuan kunplitu dugu walkietatik berba egiteko konpromezua eta argazkigintzan ere ezin izan dugu denbora askorik eman.

Ez dugu lasai egoteko modurik egin, hotza izugarria baitzen (Albertori hanka bat gogor-gogor egin zaio) eta ardura handiko jeitsiera izan dugu gogoan uneoro.

Joan diren egunetan hamaika buelta eman diogu jeitsierari; Lhotseko horma soka barik izateak arazoak emango zizkigula pentsatu dugu (eguraldia, haizea, izotz bizia, nekea...).

12'30ak aldera ekin diogu jeisteari.

60 metroko sokan 30eko tartea utziz lotu gara eta aldiko batek badaezpadako seguru-puntua eginez, estropozu barik egin ditugu jeistekoak.

Ilundu aurretik iritsi gara 6.400 metrotan genuen kanpamendura.

Elurraren egoera ezin hobeari esker egin ahal izan dugu horren jeitsiera bizkor eta segurua.

Biderik gehienean bota erdia inguru sartu ahal izan dugu elurretan, eta horrek lana erraz eta seguru egiteko aukera eskaini digu.

Beheko kanpamenduko sukaldearen epelean, kontu zaharrak eta ilusio berriak izan ditugu hizpide: Kangchenjunga, Karakorumeko mendiak, Xixa...

Bihar, eguraldia lagun, Kathmandura joango gara hegan.

Ong Chu, berriro ere, Boudanath-eko Lamarengana joango da, Kangchenjunga jainkosarengana hurbil gaitezkeen galdetzeko.

Berorren onespena izanez gero, lungdar zapi ilada luzeak bedeinkatuko ditu, pusha erritoan eskegi eta haizeak, dub errearen usainak lagundurik, otoitzak airera ditzan.